vendredi 25 décembre 2009

Kontrabandoan igarotako hitzak.

Artega dago mutila, bezperan berandu xamar arte aritu da letrak juntazten.

Mahaiko lanparatxoaren argipean luma eta papera. Tinta beltzaren jarioaz, txuria den espazioa hiztez zipriztintzen ari da. Bonbilaren argiak, mahaia eta mutila bera zirkulu horixka baten baitan biltzen ditu. Antzokiko argiek, antzezlea taularen gainean zirkulu batean biltzen dituen bezalaxe. Ziegako taularen gainean, mutila, bere trama propioaren antzesle. Eta badirudi argi horren baitan, aldiro, bere mundutxo propioa eraikitzen duela. Mahaiaren gainean: ur botila, azken tragoa falta zaion tea, kristalezko mermelada poto batean, orrien nahaspila; urdin koloreko gutun azala; argazki bat.

Baina hori atzo izan zen eta gaur artega dago. Lo faltagatik begiak kiskaliak dituela senti dezake, gauean letra artean ibiltzeak eragiten duen erredura. Hala ere, nekearen gainetik, paperean bere baitako munduaren zatitxo bat askatu duelako atsegina. Bere territorio intimoaren zentimetro karratu parea gutun azal batean gordeta. Praketan disimulatua daukan gutun azal urdinean, bere baitako eremu horren zentimetro karratu parea.

Artega dago mutila beraz, gainontzeko presoen antzera lokutorioetara jotzeko atea noiz irekiko den zain. gorroto du ixtant hau, ez daki zein funtzionariok irekiko duen atea, lokutoriora sartu aurreko miaketan estu hartuko ote duen ere ez daki. Galtzetan daraman mundu miniaturazkoa kanpotik ikusten al da?. Ziur da ezetz baina... Atean azalduko den txakurrak mutilaren urduritasuna usnatuko al du? Latex aseptikoz jantzitako eskuek, gerrialdea miatzean, praka eta alkandoraren artean gordetako gutun azala nabarituko al dute?.

Atea ireki da, uniformatua esku txuri aseptikoz armatuta preso ilararen buruan paratu da. "Monsieur Gonzalez, box 1!". Mutila ilaran doan pausuz pausu eta ez daki astiroegi mugitzen ote den edo arinegi, zelatatuaren ezinegona. Atea, uniformatua, bere eskuen mugimendu mekanikoa bizkarretik behera, gerrialdea, praketako poltsikoak, txorkatilak,... ondo, badoa, miaketa atzean utzi du. Lokutoriora sartu aurreko azken pausoak. Lehen besarkada, muxuak, eta aspaldi irakurritako hitz batzuen oihartzuna iritsi zaio bere barrunbeetatik mutilari. Kontrabandoaren sakuetan bidaiatzen duten hitzak, bestela iristen diren hitzen antzekoak dira, mezu bertsua daramate, baina lerro artean intimoagoak dira, hitzen arteko espazioa infinitua bihurtzen da hala. idatzi duenaren eta irakurriko duenaren, bi bien ametsak kabitzen dira bertan. Letren Artean amets egiteko espazio infinitua.

Laztanetik, laztanera, gerripetik gerripera, espetxetik kalera, kontrabandoan askatuko den gutuna.

"Les histoires sont des lettres. des lettres envoyées á n'importe qui, á tout le monde. mais les plus belles sont faites pour être lues par quelqu'un en particulier."
John E. Wideman. "Damballah"

Aucun commentaire: