dimanche 28 septembre 2008

Paisaia udatiarra.

Goizaren lehen orduak besterik ez dira eta leihoan eskegita dudan toailaren bestaldean, sargoriaren bero sapa nabari liteke. Itzalaren frexkotasuna ahalik eta denbora luzeen mantentzeko saiakerak alferrikakoak dira hemen. Toailak uzten dituen tartetxoetatik haize haritxo bat satzen da, baina udako goiz hontan haize epelak are itogarriagoa bihurtzen du giroa. Izerditutako izara artean, jeiki aurreko ixtantea zertxobait luzatzea nahiko nuke. Gau osoa bueltaka pasa dut, izara umelak gorputzera gero eta itsatsiago, harik eta bigarren azal bihurtu diren arte.
Begiak itxita, erdi esna, leihoaren bestaldetik datorren zalapartak definitiboki jeikiarazi nau. Gaztetxoen irriak dira. Algaren artean, Cedric, Ibrahim eta Seb-en ahotsak bereizi ditzaket. Korrikaldiak eta txankletek bitumaren kontra ateratzen duten zarata, kla-kla-kla (claquette frantsesez). Ur botilari trago luzeak ematen dizkiodan bitartean, leihoaren alboan eseri eta toaila zabaldu dut. Hamabost urte inguruko gaztetxoak, nere leihoaren azpitik korrika igarotzean, zalapartaren jatorria zein den ikusi ahal izan dut. Hegan zailtasunak dituen kurloiaren atzetik dabiltz. Toailak eskuetan berau harrapatu nahian. Udako sargoriaren erdian bainujantzia da gainean duten arropa bakarra. Izerdi patxetan, harengana hurbildu orduko hegalditxo laburrak egiten ditu txoriak. Eta ihes egitea lortzen duen aldiro, Cedric bereziki, oihu eta barre artean lehertzen dira gaztetxoak. Animaliatxoaren ehiza, goiza atzera eta aurrera korrika igarotzeko aitzakia aurkitu dutela dirudi.
Bitartean, eguzkia, zeru-mugaren jabe bihurtu da eta lehen orduetako tonu gorrixkak bazter guztietara barreiatu dira. Leihotik sartzen diren eguzki printzek, laukitxo gorriak proiektatzen dituzte gelaren zoruan (eskolako kaiera odoleztatua).
Zeru-muga gorriaren aurrean, burni-sarez eta aiztoz betetako espetxearen zeru-muga grisa. Nere zeru-muga.
Algarak isildu dira, Cedric, Ibrahim eta Seb-ek kurloia harrapatu dute. Udako goiz hontan.
Villeneuve-les-Maguelone.
2008ko uztaila