jeudi 23 décembre 2010

Egunero esnatu behar dudalako (6). Denbora.

Denbora.


Bai, ba, 7 eta 2 bi seme alabak ditu.

Eta paf! nerabezaroko lagunari bi ume gehitu behar izan dizkiot kolpean. Iragan urteotan sarri gertatu zaidan kontua da hau, etxetik ospa egin eta atzean utzitako jendearen berri jasotzen dudalarik, beren irudi nerabeari (ospa egitean gazte xamar baikinen), pertsona helduaren atributoak atxiki behar izatea. oroimena kontraesanez betetzen duen sentimendua eragiten dit honek eta sarritan gertatu zaidan arren, aldiro zur eta lur gerazten naiz. Klandestinitatea den Ez-leku horretatik, espetxea den Des-lekura igaro nintzen duela 5 urte inguru. Ez-lekuan, inguru hurbilaren erreferentziak galdu nituen, ozta-ozta iristen zen arrastoren bat edo beste, baina fondamentu hadirik gabe beti. Bestela ere, non jasoko nituen nik albisteok? “Bestaldean”? “Mugaren bestaldean”? “Sasian”? Horiek ez dira leku konkretu bat, klandestinitatea ezer izatekotan ideia baita, egoera mental bat, ez-leku bat (klandestinoak, bere etxe ondoan edo handik mila kilometrora, klandestino izaten jarraitzen du). Gero deslekura ekarri ninduten (izate desmuntatxe erabatekoa da espetxea) eta hemen pixkanaka atzean utzitako errealitatea, nolabait, berreraiki ahal izan dut. Baina oso partziala da irudia, iturriak, halabeharrez (edo espetxearen graziaz), oso mugatuak baitira.


Gure baitan, iraganetik dakargun argazkia ez da aldatu, baina aurrera doa etenik gabe eta argazkia ezin da berdina izan orain. Izatez, argazkian azaltzen diren aldeketok dira ihes doakigun denboraren erakusle. Erlojuko orratzen artean ez baita joan zaigun denbore hau, denbora guzti hau, kabitzen.


Oier Gonzalez Bilbatua, Villefranche sur Saône 2010eko abenduak 1.

Egunero esnatu behar dudalako (5). Elurra.

Elurra


Arratsean, patiora atera eta ni izan naiz beroni itzulitxoa eman dion lehen presoa. I. konbentziozko agurrak emanez aterpean geratu den bitartean, ttipi-ttapa, oinatzik apenas erakusten zuen zoru elurtean bakarrik. Eguerdian mara-mara erortzen hasi eta ez da egun osoan geratu, hau dugu urteko lehen elurtea eta aldiro lez sasoi honetan loratzen diren ostatuko neskaren koplak entzun ditzaket nire baitatik: Elurrak mardul dario/ euriak dirudi liho/ ene bihotzak ez diezazuke sekula esan adio. Aspaldi barne barnean sustraiak bota zituzten neguko loreak, nori bidali izan gabe ere bertan dirautenak. Noiz edo noiz harriak lez izatea nahiko genukeen arren ez gara harrizkoak malgré nous.


Patioaren lehen itzuli horretan elur hautsaren hotsa aditu nezakeen eta elurretan emandako pauso bakoitzaren oihartzunak kanpo aldera eraman nau, hemen eta han elurrak hizkuntza bera baitarabil. Agian horregatik zait hain nostalgikoa elurra, murruaren betsaldeko hotsak nire baitara dakartzalako, askatasunaren saudadea. Zuriz jantzita, inguruko sareetan zintzilik dauden aiztoz betetako alanbreak sastraka meharrak dirudite, burni hari elorridun sasiak elurpean.

Fokuetako argiak ere beste tonu bat dauka, jatorrizko zuritasuna elurrak jan dio. Poste metalizatuei kolore laranja leun bat darie, fokupean, gaur, gure paisaia mugatua tonu epel batez tindatua ageri da.


Bai, soineko zuriz mozorrotuta, espetxea, atsegina izan liteke, eguzkia berriz ateratzen den arte.


Oier Gonzalez Bilbatua, Villefranche sur Saône 2010eko azaroak 30.



Egunero esnatu behar dudalako (4). Arranoa

Egunero esnatu behar dudalako.

Arranoa


Bizi zikloen aldaketa adierazteko parabola eder batekin topo egin dut ARGIAn. Bertan azaltzen denez, arranoak 70 urteko bizi esperantza omen dauka. baina 40 urte ingurura iristean, bere naturak, erabaki baten aurrean ezartzen du : Alde batetik, dagoeneko gogorrak ere ez diren moko zein atzaparrekin eta urteek erasandako lumekin modu baitezpadakoan bizi-edo. Bestetik 150 egun irauten duen eraldaketa prozesu bati ekitea dauka, haitzetako arrakalaren batean gorde eta bere mokoa hormaren kontra kolpeka erauzi behar du. Moko berria hazten delarik, hatzapar eta luma zaharrak erauzi behar ditu gero. Prozesu honi ekinda soilik biziiraun lezake arranoak beste 30 urtez.


Eta nire burua irudikatu dut. Izugarrikeria honetatik libratuko naizen egunean zenbat gauza erauzi beharko dizkiot nire izateari? Parajeotan denbora igaro ahala, hatzaparrak eta mokoa atera zaizkio nire bihotzari, ehizatzeko baino ahizatua izan ez dadin. Lumak, aldiz, ugari eta eder ederrak nituen baina orain enbarazu besterik ez didate egiten. Izatearen arrakalak, arima edo dena delakoaren zauriak, nola senda litezke? ezen barren horretan eragiten du inguratzen nauen bakarmortu honek. Sarriren hitz batzuen oihartzunak zera diost, preso izandakoak ez duela sekula ziega atzean uzten. Panoramie.


Eta nire burua irudika dezket, urjario baten azpian, nire azalean behera doan emariak tarte honetan bildutako lohia garbituko balu bezala. Kontua da halako dohainak dituen iturririk baden edo dagoeneko, zirenak, porlanak irentsi ote dituen. Bitartean alkandoran gordeko dut arranoaren parabola, bihotzaren ondoko patrikan.


Oier Gonzalez Bilbatua, Villefranche sur Saône 2010eko azaroak 29.


Egunero esnatu behar dudalako (3). Zirrara

Egunero esnatu behar dudalako (3). Zirrara
Espetxeak suposatzen duen eraso etengabeari aurre egiteko, baliabide ezberdinak dauzka presoa. Batzuk drogaren laino artean buruak murgilduta ezabatzen dituzte leihoetako barroteak. Bestetzuei gorputzaren edertasunarekiko obsesioak zulotik aldentzen uzten die, gihar kolpeka murruak eraistea helburu agian. Telebista aurrean emandako denbora, soilik kanpotik itxi (eta zabaldu) daitekeen ateari begira emandako denbora murrizteko darabilte beste askok. Baidra eskulanei guztiz emanda bizi direnak, liburu artean murgilduta....
Esperientzia kartzelarioa oso maila pertsonalean jasaten denez, preso haina gartzela daudela esan liteke. Baina espetxea zerbaitek bereizten baldin badu, hori bertan dagoenak dituen aukera murritzetan laburbildu daiteke. Kanpoan dagoena aukera aniztasunean galduta bizi da, barruan , aldiz, daukagun urriari azken ttanttaraino zuku guztia ateratzera behartuak gaude. horregatik esperientzia pertsonalak badira ere, ezaugarriak etengabe errepikatzen dira.
preos dagoen militanteak badauka eguneroko astunean arnasa hartzeko beste elementu bat: ideologia. Gauden leku hontara ekarri gaituzten arrazoiak hausnartzeko denbora daukagu, borrokara bildu gintuzten zioak zintzuk diren etab. Baina hausnarketa ideologikoa buruan jasotzen da, bihotz taupadak mustroaren barrunbeotan kasik ez dira aditzen. Nolabait esatearren, gure izate militantea oinarri politiko hotzetan eraikitzera behartuak gara hemen. kanpoan badira manifak, ongi etorriak, kontzertuak omenaldiak.... bihotza dardarka jartzen dizkiguten uneak, hausnarketa ideologikoei sentimenduak ere gaineratzen zaizkie. Hemen bihotzari eragiteko elementuak falta zaizkigu, nola elikatu beraz barneko dardara hori? bisitak eta gutunak, hain beharrezkoak ditugun sentimendu iturri dira, existentzia izoztu honetan su apur bat. Tarteka, kontrabandoan, manifa kontzertu eta abarren arrastoak jasotzen ditugu, bihotza (berriz) zirrarez betetzen dizkiguten etxeko errealitatearen zantzuak.

Halakoetan ohartzen da bat, bihotz taupadarik gabeko ideologiak, izotzmendi metalizatu honen erdian, oso arnas laburra daukala. Zirrararik gabeko hausnarketak zulo hontan bizirauteko ez duela deus balio.

Oier Gonzalez Bilbatua. Villefranche sur Saône 2010eko azaroak 26.

Egunero esnatu behar dudalako (2). Fikzioa eta errealitatea.

Egunero esnatu behar dudalako (2).
Fikzioa eta errealitatea.
Fikzio bat idaztean, fikzioak berak zenbat du asmakizunetik eta zenbat errealitatetik?. Errealitatearen hariaz jositako fikzioak ateratzen zaizkit tekla artetik, ezin ekidin dezaket, zer edo zer asmatzeko oinarriak erreala behar du izan. Oinarri horri ertzak nabarmenduz edo ezkutatuz errealitate berriak (hain berri ez direnak beraz) sortzen ditut, ferietako ispilu magikoen antzera. Bertan islatzen dena aurrean paratu den horren irudi fikzionatua besterik ez da.

Hutsetik zerbait sortzea posible ote da? Ezerezean eraikitako sormen lanik ba ote? Bizi garelako sortzen dugu eta arnasa hartzen dugulako bizi gara, arnasa hartze soilak gure inguruarekin lotzen gaitu eta oinarri oinarrizko lotura honek jada badu gugan nolabaiteko eragina. Estimulua eta sorkuntza biak elkarren eskutik doaz, zerbait sortu ahal izateko dena delako bultzada bat behar da, alta, estimulua zertan oinarritzen da zera erreal batean ez bada? noiz uzten dio errealak izateari? Non dago muga? pertsonaia bat sinesgarria izan dadin, errealitatearen zantzuak mnabaritu behar dira, baina nabarmenegi egin eta fikzioa bera pikutara doa.

Fikzio bat eraikitzeko ahaleginean, goiz erdia beregan pentsatzen igaro dut eta patiora jaistean kabinatik deitu diot, bere ahots erreala entzuteko beharra nuen. eta orain zalantzan naiz ea errealitatea ote den fikzioa gainditzen duena, edo alderantziz fikzioa ote den errealitatea gainditzen duena.

Oier Gonzalez Bilbatua. Villefranche sur Saône 2010eko azaroak 25

Egunero esnatu behar dudalako. Trasladoa... edo.

Egunero esnatu behar dudalako.
Trasladoa... edo.

Zer den norbere egunerokoa beste norbaiten esku egotea. 07:30ak inguruan funtzionarioak I-ren atea ireki duela sumatu dut. 07etako erronda egin ondoren berriz atea irekitzeak, goizeko lehen orduetan, trasladoa esan nahi du. “Azkenean!” pentsatu dut nere golkorako, eta egia da, bazen garaia I-rentzat. Patio berean bueltaka 5 urtetik gora igaro izanak, espetxe hontan denbora gehien igaro duen preso titulua eskaini dio. Izan ere, moeta honetako zuloak tarte laburrak igarotzeko prestatuak daude: bereziki disziplinarioak, bereziki komunikazio eskasdunak, bereziki aktibitate eskaintza urrikoak. Epaitua izan bitartean urte parea igaro eta ospa, hori da normalitatea. baina euskaldunok, espetxeari dagokionez, normalitatetik aprte gabiltz, beti.

Normalean bezperan abisatzen diote presoari hurrengo egunean trasladoa izango duela, horrela bere farfailak biltzen has liteke. Guri goiz berean eta ordubete dugu dena atontzeko, , normal. Urduri xamar baina espetxe honetatik alde egiteaz pozik trasteak biltzeari ekin dio I-k, ni adi, gosaltzen nuen bitartean egunkaria (azaroak 07ko alea, gaur) irakurriz, alboko ziegatik zer entzungo. Kanbasak leporaino bete ondoren iritsi da funtzionarioa, nire ziegara etorri eta elkar besarkatzeko aukera izan dugu. Besarkada estua baina sorpresak eragin lezakeen zirraraik gabea, bi biok egun honen zain igaro ditugu azken hilabeteak eta Villefranche-tik ospa egitearen pozak gainontzeko sentimendu guztiak estaltzen ditu. Besarkada sentitua hala ere, adiskidetasunak, zinezkoak, ez du apaingarririk behar, bi biok ongi dakigu non gauden eta hemen enkontruak behin behinekoak direla beti.

espetxe atarian jaso du sorpresak adiskideak. fardelak miatu eta bera biluztuarazi ondoren (espetxetik ateratzeko bi aldiz biluzten gaituzte, espetxeko funtzionarioak lehenik eta bidaide izango dugun txakur koadrilak gero9, iritsi da notizia. gaur ez dute trasladatuko, helmuga duten espetxeko funtzionarioak greban dira eta ezin da inor bertara sartu. Erraiak nazkaz eta ezintasunez iraulita itzuli da I. ziegara, zeharo or side. Mugaren bestalde horretan aldiro aditzen den esaera bati jarraikiz, honatx traslado-tranpa.
Bitartean adiskidea alboko ziegan, zeharo dégoûté.


Oier Gonzalez Bilbatua, Villefranche sur Saône 2010eko azaroak 24.