jeudi 23 décembre 2010

Egunero esnatu behar dudalako (3). Zirrara

Egunero esnatu behar dudalako (3). Zirrara
Espetxeak suposatzen duen eraso etengabeari aurre egiteko, baliabide ezberdinak dauzka presoa. Batzuk drogaren laino artean buruak murgilduta ezabatzen dituzte leihoetako barroteak. Bestetzuei gorputzaren edertasunarekiko obsesioak zulotik aldentzen uzten die, gihar kolpeka murruak eraistea helburu agian. Telebista aurrean emandako denbora, soilik kanpotik itxi (eta zabaldu) daitekeen ateari begira emandako denbora murrizteko darabilte beste askok. Baidra eskulanei guztiz emanda bizi direnak, liburu artean murgilduta....
Esperientzia kartzelarioa oso maila pertsonalean jasaten denez, preso haina gartzela daudela esan liteke. Baina espetxea zerbaitek bereizten baldin badu, hori bertan dagoenak dituen aukera murritzetan laburbildu daiteke. Kanpoan dagoena aukera aniztasunean galduta bizi da, barruan , aldiz, daukagun urriari azken ttanttaraino zuku guztia ateratzera behartuak gaude. horregatik esperientzia pertsonalak badira ere, ezaugarriak etengabe errepikatzen dira.
preos dagoen militanteak badauka eguneroko astunean arnasa hartzeko beste elementu bat: ideologia. Gauden leku hontara ekarri gaituzten arrazoiak hausnartzeko denbora daukagu, borrokara bildu gintuzten zioak zintzuk diren etab. Baina hausnarketa ideologikoa buruan jasotzen da, bihotz taupadak mustroaren barrunbeotan kasik ez dira aditzen. Nolabait esatearren, gure izate militantea oinarri politiko hotzetan eraikitzera behartuak gara hemen. kanpoan badira manifak, ongi etorriak, kontzertuak omenaldiak.... bihotza dardarka jartzen dizkiguten uneak, hausnarketa ideologikoei sentimenduak ere gaineratzen zaizkie. Hemen bihotzari eragiteko elementuak falta zaizkigu, nola elikatu beraz barneko dardara hori? bisitak eta gutunak, hain beharrezkoak ditugun sentimendu iturri dira, existentzia izoztu honetan su apur bat. Tarteka, kontrabandoan, manifa kontzertu eta abarren arrastoak jasotzen ditugu, bihotza (berriz) zirrarez betetzen dizkiguten etxeko errealitatearen zantzuak.

Halakoetan ohartzen da bat, bihotz taupadarik gabeko ideologiak, izotzmendi metalizatu honen erdian, oso arnas laburra daukala. Zirrararik gabeko hausnarketak zulo hontan bizirauteko ez duela deus balio.

Oier Gonzalez Bilbatua. Villefranche sur Saône 2010eko azaroak 26.

Aucun commentaire: