mardi 31 août 2010

Pariseko kaleetan barna begietako minez.

Poliziak ea esku-burdinak estuegi dituen galdetzen dio mutilari. Ixtante bat lehenxeago biluztuarazi, ahoa irekitzeko eskatu, besoak altxatzeko esan eta trantze horretan altzealdea hobeto ikusteko buelta bat emateko agindu dion polizia ber-berak. Izan ere, politesse polizialaren arabera, kateak ahalik eta erasoen jantzita eraman behar ditu presoak. Kontuon inguruan hausnarrean abiatu da epaitegira eramango duen furgonetarantz. Hiru dira bidaiariak eta hiruak dituzte eskuak bizkarraldean lotuak, uniformez gainezka doan espedizioa. Beste bien azal ilunak eta beraiekin osatzen duen ilarak, aspaldiko Napartheid aldizkariaren irudi hura ekarri dio gogora: hiru itzal, hiruak kateaz lotuak, biren ile kizkurraren kontrastean hirugarrenaren txapela eta sudur luzea, "Soweto Euskal Herria baino hobeto". Ordutik udaberri nahikotxo igaro badira ere, egoerak berdin xamar dirau, garai berriek subtilitate berriak badakartzate ere, azal kolore-ilundunak eta euskaldunak katea astunetan endredatuak.

Furgonak sei zelula dauzka bere barnean, bertan, ozta-ozta esertzeko espazioktxo bat geratzen zaio mutilari. Eskuak bizkar aldean lotouak dauzkanez, zuzen esertzea ere ezinezkoa zaio eta belaunak estu-estu kabitzen dira kajan. guti goiti-beheti hilkutxa baten traza dauka kontuak, etzanda joan beharrean hala moduz eserita doa eta giltzapean egotearen sentsazioa kiriotetaraino hondoratu zaiola nabaritu dezake. Esku-berdinak, espazio txikia, epaitegira bidean preso izatearen herstura, errealitate fisiko erabatekoa bihurtu da. Zelularen atea gerritik gora burni-sare batez osatua dago, gaitz erdi, bestela "hilkutxa" metafora edo errekurtso literario bat izatetik, zinezko substantibo izatera pasako litzake. Substantibo itogarria. Hala ere, presoak ongi daki burni-sare honen presentzia ez dela errepublikar humanitate onbera baten ondorioa, hau ez dela bertan egotea suertatzen zaion gajoa aintzat hartuta eraikitako kutxa. Presoak uneoro zaindariaren begiradapean egon behar du, hori da giltzapearen legea.

Abaila betean abiatu dira beraz, siren adar hotsak bere baitan biltzen du espedizioa. Marru erdiragarria Pariseko kaleetan barna, goizalba aspalditxo pasea bada ere, "il est cinq heures, Paris s'eveille" irratian sarri entzundako kanta baten lehen hitzak mutilaren barne-muinetan dantzan hasi dira. Argi urdinak dituen despertadore mugikorra joka eta hiria bigarren aldiz esnatzen ari da. Gidaria ezker-eskuin juramentuak banatzen dabil, aginteari bide eman, eta polizia agintea da. Baina goizeko lehen orduetako kotxeen kaosak, Parisen, bere lege propioak ditu, aginte gutxi beraz, polizia gehiegi badago ere. Furgonetak abaila (haien) neurriz kanpo motelduz gero, segidan makadamamera jaitsiko dira armak eskutan agintari bidea emateko Lanera-bidean, kafetegiko kontuarrean dagoen horri croissant-a kontrako eztarritik joaten al zaio, halko estanpa baten aurrean? Sirenaren adar hotsa, oihuak, metraileta eta eskopetak, agintearen potreta egunari ongi etorria emateko.

Mutila, kutxan eserita, agintearen martxak eskaintzen dituen irudiok suma ditzake. Kafetegiko kontuarra, croissant-a... errealitatearen alde hortan bizi zen duela zenbait urte, atzo. Gaur eserleku pribilegiatua egokitu zaio, ez da beti hala izaten baina gaur kutxaren parean furgonetaren atze aldeko atea dauka. Poliziak metraileta eskuetan bertatik salto egiteko prest, honen sorbalda gainetik atearen lehioak eta leihotik Pariseko karrikak ikus ditzake mutilak. Udazken kolores jantzi dira inguruak, semaforoetan zain den jendearen jantzietan marroi ilunak nagusi, han hemen ageri diren zuhaitz bakanen tonu bertsua. Une batez, zigi-zaga dabilen patinatzaile bikotea furgonetaren abiadari eutsiz aurrera doa, zenbait metro elkarrekin egin eta beste norabide batera jo duten arte, badoaz. Burni-sare artetik mutilari iristen zaizkion irudiak, fotogramak bailiran, furgonetaren abiada berean aldatzen doaz. Souvenir denda baten atarian kapa eta antifaz beltza jantziak dituen manikia, plastikozko super-heroia. Notre Dame-ko zubiaren semaforoan katedralaren beraren zantzuak, dorre baten kantoia, argazki kamerez apaindutako turista saldoak. Mutilak burni-sare aretik irensten dituen fotogramek iraganeko paisaia ezagunak osatzen dituzte. Paris poliziaren furgonetatik ikusteak begietan min eman dezake baina ikuspegiak merezi dau.

Burni-sare artetik, begiak oroiminez blai.