mardi 10 avril 2007

KORRIKA









Alferrik gabiltza bestela



Alferrik gabiltza bestela,
Bizitzen uzten ez digun
Guztia
Hiltzen ez badugu,
Ezingo gara bizi guztiz
Joxanton Artze
… eta hurrengo hitz hauek idatziz, hiltzen hasi naiz inguratzen nauen bortizkeria guzti hau. Lerrookin ene bihotzeko epeltasuna islatzen dut paperean, eta epeltasun horrek bueltan epeltzen nau ni. Ziega hotza, janari hotza txakurren bortizkeria hotza, izotzezko lubaki honetan. Maite ditudan horiengan pentsatzeak, eskuetako hatzak sikiera zertxobait epeltzen laguntzen dit. Baina errealitatea azkar asko inguratu da lerro hauen artera.
Burdin hotsak entzuten dira atearen bestaldean, bataila baten seinale. Ziegako atea irekitzean, guda-zelaira goaz edo guda zelaia da ziegara sartzen dena. Leku gutxitan sumatu dut, erraietan iltzatuta dagoen GORROTOA ( letra larriz idazten dena). Torturatzen duen txakurraren lerdean agian?. Bortizkeria hotz eta neurtuz betetako GORROTOA.
ATZO, kidea biluztu, lurrera bota eta ipurtzuloa miatu zioten. GAUR beste egun batez ez gara patiora aterako, ohean eserita, haiek atea ireki orduko prest ez omen geundelako. EGUNERO, komuneko papera faborez eskatu behar diogu, herenegun bortxatu gintun txakur berdinari. Eta kanpoko jendea ohartzen al da, zer gertatzen ari den, ATZO, GAUR, EGUNERO, gizartearen estolderia zikin hauetan? Zeinen ongi ezkutatzen den miseria guzti hau porlanez altxatutako eta aiztoz beteriko hesiaren atzean!.
Aspaldi irakurritako istorioko neskatxaren antzera. Diligentzian zihoan, bere bizitzako gora-beherak bidaideei kontatuaz. Ama gaixotasun izugarri batek eraman omen zuen eta aita bide lapur batzuek asasinatu zuten. Neskatxa, nebatxoarekin batera ( gelditzen zitzaion ahaide bakarra) ez dakit nongo laku batean bainatzen ari zela, kokodrilo bat ikusi omen zuen astiro-astiro nebatxoarengana hurbiltzen, nola hortz zorrotzez beteriko piztiaren ahoa irekitzen zen… Eta orduan diligentziako bidaztiak barre-algaraka hasi omen ziren, zorigaitzak gainezka egin behar zuen une berean, kontakizuna bertan moztuaz.
Izan ere gehiegi da eta zergatik kakaztuko dugu halako egun eder bat, besteren miseriak entzunaz? Gure jendartea aspalditik dago, dena ezkutatu nahi duen barre-algara etengabe batean murgilduta.
Ipurmasailak zabaltzen dituen txakurraren esku hotzak, norbere larruan sentitu ezik zaila da izugarrikeria honen benetako dimentsioaz ohartzea.
Oier Gonzalez Bilbatua. Euskal Preso Politikoa Toulouse-Seysses

Pausoz pauso

PAUSOZ-PAUSO
Elurrak, nire zeldatik ikusi daitezkeen Pirineoen tontortxuak zuritu ditu. Gaur goizean alboko bizilagunak, “Begira, horma txuri horren bestaldean dago zure herria” esan dit. Nik erantzun diot, nere herriak horma txuriaren bi aldeetan dituela bere sustraiak. Tontor txuriak ikusita, banaketa edo muga sentsazioa areagotu egiten da. Baina zelako diferentzia inguratzen nauten, aiztoz beteriko, beste tontor gris hauekin alderatuta.
Futbol zelaiko zerua karratu haundietan zatitzen duten kableean gainean txori saldoak pausatzen dira: Haiek begira, Ixorretarraren hitz batzuk datozkit burura: “ Harrigarria da hemen kurloiek begira gerla sufritzen dugula eta, patioaren alde batetik bestera paseatuaz, gerla ematen dugula” eta horrela jarraituko dugu, patioan pausuak ematen, gerra ematen.
Espetxean emandako pauso bakoitza, kalean emandako, klandestinitatean emandako pausoaren iturri.
Klandestinitatean emandako pausobakoitza, espetxean emandako, kalean emandako pausuaren iturri.
Kaleanemandako pauso bakoitza, klandestinitatean emandako, espetxean emandako pausuaren iturri.
Eta horrela, barruan, kalean edo izkutuan emandako urrats bakoitza, gure herriak bizitzera ematen duen urrats bihurtzen dugu denon artean.
Izkutua borrokan ari direnei, espetxean borrokan ari garenoi, kalean borrokan ari zartenoi topa.
OSASUNA ETA ASKATASUNA
OIER GONZALEZ
TOULOUSE SEYSSES ESPETXETIK

Folhetos da feira

FOLHETOS DE FEIRA (merkexeak)
Xoriak pausatu dira,Gure baitan.
Gaur goizean, esnatu eta leihoan paratu naiz. Elurra mara-mara ari da inguruak txuriz margozten. Giroari darion usainak, ikastolako garaietara garraiatu nau. Nola aritzen ginen etxerako bueltan elur-bolak elkarri jaurtiaz. Hatzamarretan hotzaren hotsez, mina izan arren, espaloiaren bestaldean zeuden kontrarioei, arnasa hartzen utzi gabe, dinbi-danba.
Teilatuan edo batek daki non abia egin duen itxas-txoria atzera eta aurrera dabil, janari bila. Elur txurian lorratz utzi ditu bere korrakaldi ernean. Leiho azpian dauden zakar poltsak, janari erdi ustela eta alboko leihoetatik jendeak botatzen dituen moeta guztietako detritusak, elurrak izkutatu ditu. Gaur, inguruko zikinkeriaz beti protestaka ari den Jean-louis pozik egongo da, elurrak zaborra menditxo ezezagunetan bihurtu bait du. Pareko futbol zelaia ere txuri-txuri ageri da, kondizio hauetan, seguraski ez diote inori bertara joaten utziko.
Neguko goiz hartan, ixtant batez izan bada ere, harrapatuta gaituen errealitate gordina, izara txuri batek estali du. Bainan zeinen efimeroa den materia txuri hau. Eguerdiko eguzkiaren lehen printzekin, elurra urtzen hasi da eta berriz ere agerian geratu dira, inguratzen gaituen alanbradako aizto zorrotzak, guri mehatxuka.
Angelo