jeudi 8 novembre 2007

Harea finezko hondartzak

Orain imaginatu naufrago bat
ni
burdin eta porlanezko galernaren erdian
harea finezko
oroitzapen eta sentimendu goxoaren
hondartzan lehorreratzean.
Atzamarrak bere azal epelean hondoratu
bere atzamarrak nere azal epelean hondoratu,
Hondartzako brisara lasaiak
bere ahotsak
hurbildutako aspaldiko irudietan
oraindik
kulunkan
ni.

Zuk ere idatziko zenuke

"Tu también cantarías
si te encontraras en un lugar como este"
Leonard Cohen

Zuk ere idatziko zenuke
zulo hontan egongo bazina.
Sarri, Lertxundi edo Izagirreren maila
sumatzera ere iritsi gabe.

Zuk ere idatziko zenuke
zulo hontan egongo bazina.
Lau lerro kaxkar
bata bestearen ondoan,
metaforatxo bat
eta bukatzeko egia literario bat.
Bakardadearen erdian
niaren bila,
lumaren atzetik.
Zuk ere idatziko zenuke.

jeudi 2 août 2007

De bouche à oreille. Radio Mon Païs

"Palestinar preso bakartiak
irratia darama aldean eta entzuten du, betiere,
hurrintasunaren arrabotsa."
Sarri

Hemen inguratzen gaituen naturak ez du marroi argi kolorerik. Baina hemen eta han, basamortuaren erdian zirkulu berdinak egiten ditugu. Herri eta famili egarriz.
Paraje honen erdian, ostiralero, irrati frekuentziez osatutako xamurtasun bafada. Familiaren, lagunen, hau da, etxekoen ahotsek inguratzen gaituzte 17:15-etatik 18:30-etara.

"Eta aideak dakarkionean bere sorlekuko
iturrien hotsa aditzen."
Sarri

Telefonoa:0033562272323

Interneten entzuteko jarraitu pausu hauek:

Sartu helbide honetan: http:www.tv-radio.com









Aukeratu Espace client, radio









Aukeratu Radio Mon Païs









Aukeratu eskuinean Windows Media Player.









Eta entzun, deitu…. Irrati bat baino gehiago entzuten baduzu itxi nabigatzailea eta utzi bakarrik Radio Mon Païsena.




jeudi 19 juillet 2007

Itzulera

PHARTITZEKO TENORIA 1.
Goiztirian hodeiez ederreztaturik
lema hartuko duzu.
Korinthotik haztanduz betirako.
Laztanen nahia zein ilargik
du piztuko zure azalean,
haragiaren desira zein eskuk
asetuko?
Malkozko murrailen alboan
izkiriatzen ditut poemak
zure adatsean.
Rikardo Arregi.

Azkenengo besarkadari amaiera emango dion azken muxua,"asko maite zaitut laztana" esan eta banoa. Funtzionarioa atearen atzean zegoen ni noiz aterako zain. Nere bizkarrean atea nola ixten duen sentitu arren, jadanik ez dut atzera begiratuko. Pasiloan aurrera noala, pasatzen naizen lokutorio bakoitzean antzeko aurpegi luze eta goibelak, despedida garratzaren aztarnak. Ematen dudan pausu bakoitzeko, zure azken irudia burmuinean ongi iltzatua gera dadin ahalegintzen naiz.
Pasiloaren bukaeran ilara, funtzionarioak bakoitzaren zenbakia makinatxoan tekleatu eta bertan pasatzen dugu eskuineko eskua, "Accept". Itxaron-gelara sartzean ezagunen bat dagoen begiratu eta norbait aurkituz gero harengana noa. Zain gauden bitartean, albokoarekin hitz aspertua. "Zer moduz bisita?", Nor etorri da?", galdera eta erantzun tipikoak. Albokoen berbarotik haratago nago ni, duela minutu parea zurekin izan dudan hizketaldian oraindik buru-belarri sartuta. Zure ahotsa al da entzuten dudana?. Seguraski haren oihatzuna, bihotzetik gorantz belarrietara doana. Maitearen ahotsaren doinuak beti kontrako bidea egiten du. Kanpotik barrura jo beharrean, bihotzean jaio eta belarrietan lehertzen da oroitzapen goxoa. Mihaketa gelaren atea ireki denean barrura begiratu dut, bertan dauden funtzionarioak nortzuk diren ikusteko. Horrela gutxien miatuko nauen horrekin sartuko naiz. batzuetan, zorte eskaseko eguna tokatzen denean... nire turnoa iritsi da.
"Zer moduz?".
"Ondo, familiarekin beti ondo, nola bestela?".
Jertsea eman diot, kamiseta, oinetakoak, prakak, galtzontziloak jaitsi eta buelta bat eman. Galtzontziloak, prakak,oinetakoak, kamiseta, jertsea. Prozesuaren hoztasunak ezin du ezkutatu, presoa gutxiesteko dagoen ahalegina. Ahalegina ezen zure azken muxuak tatuatu didan irrifarra itzaltzeko hori baino zerbait gehiago beharko du uniformatuak. Zure laztanak beste leku batzuetan ere utzi dute haien aztarna, galtzontziloetako arrasto humela gure humanitatearen aldarria. Ziegako leihoa ixten duen burni-sare hotzak, bizitza, sexua hoztuko digula uste al dute?. Bost minutu lehenago eman didazun laztan bakoitzak, gorputzeko milimetro koadro bakoitzean lurrikaratxo bat eragin dit. Mustro urdinak galtzontziloa eskatzen badit?. Tori esango diot, maitasunaren gerrilak egindako ekintzaren aldarrikapen agiria.
"Bonne journée"
"De même".
Bigarren itxaron gelara igarotzean, mihaketaren aurreko itxaron-gela zeuden aurpegi tentsoak zertxobait lasaitu dira. Norbaitek zigarroren bat pasatzea lortu baldin badu, metxero eske ibiliko da.
Hormaren kontra nagoela, atea noiz irekiko diguten zain, pixkanaka-pixkanaka bisitaren errepasoa egiten hasten naiz. Entzundako hitz bakoitza, jasotako laztanak, emandakoak.
Oraindik zure usaina nabari dezaket, kamisetan itxatxita eta bertan babesten naiz. Beharbada norbait hurbilduko da zerbait esatera, eta nik oin bat orainaren eta bestea zurekin izandako inkontruan dudalarik,"oui", "non" laburrekin erantzungo diot. Oraindik elkarri lotzen gaituen hari mehar hori bizi-bizi mantendu nahi dut beste instant batez bada ere.
Iritzi da funtzionarioa, ireki digu atea, ziegarantz abiatu gara. Haize bolada fresko batek aurpegia laztanduz gero, zure azalaren epeltasunaz akordatuko naiz. haize bolada epela, zure hitzen freskotasuna. Denbora aurrera doan heinean, gero eta finagoa den hari mehe horri esker, hotzean eta beroan frexko nauzu. Edozein modutara ziegaren itzulera zure konpainian eginen dut.

lundi 4 juin 2007

Hau ez da literatur blog bat


"Idazten ari den folio bakoitza argi edukiontzi bat litzateke orduan, argiaren uzta biltzen ariko da komediantea, garia biltzen duenak bezala, egun ilun haietan argiaren uzta biltzen, zegoen argi apurra landu eta hari forma ematen, hura itxuraldatzen. Argiaren inbentarioa ilunpearen garaian.
Borrokatzeko era bat"
HARKAITZ CANO. "Belarraren ahoan".

Hau ez da literatur blog bat. Komunikatzeko behar bat betetzen duen postontzi birtuala. Giltzapetua egoteak eragiten duen barne ezinegonari (barnean ezin egoteari), aterabide bat bilatzeko saiakeratxoa. Librea, libertatea lapurtu diguten leku honetan. Hau da, libre, libre, liiiiiibreaa. Muga tenporalik edo tematikorik gabe, beharraren arabera betetzen joango den bitakora. Konpromezu bakarra, nire erraietan bustiko dudala luma idazten hasi aurretik. Paperari egindako zauriei darien zukua, basamortuaren erdian. Eta zauriak haizatzea merezi al du?. Amamak, txikiak ginela, belaunean egindako urratuei merkromina jarri eta tiritaz estali beharrean, txandala belaunetik gora tolesten zigun. Hala zauriak hobeto aranasa hartuta lehenago itxi zitezen. Gero, merkromina oraindik sikatu gabe zegoela putz egiten genion zauriari, hazkurearen gainetik plazer txiki bat sentitzeko. Nor edonork, hemen azaltzen diren zauriei putz egin ezkero sentituko dudan plazer bera. Beraz hor doa harria errekan bera. Hasierako ertz zorrotzak, pixkanaka-pixkanaka leuntzen joango ote dira? eta erreka? Iturriak espero duen bidetik joango al dira bertoko urak? Bitartean erdu ingurura, begira, zerbait mugitzen hasi da basamortuaren erdian. Oier.
"Oh God, i could be bounded in a nutshell and
count myself a king of infinite space"
Hamlet.II.2

mardi 22 mai 2007

Le chant des partisans

Ordokietan lagun
entzuten beleen
hegalaldi beltza?.

Entzuten al duk
lotutako herriaren
oihu garratza?

Ohé partisano
adi egon nekazari
edo langile.

Gauean etsaiak
odol ta malkoen prezioa
du jakinen.

Meatik igo
ta menditik jaitsi
kamaradak.

Lastotik atera
fusil, metraila
eta granadak.

Ohé, hiltzaile
haizko edo balaz
ekin fite.

Ohé, ekintzaile
kontuz pardelan duzu
"dinamite".

Anaiengatik
gara kartzelen
apurtzaileak.

Gorrotoa sakelan
goseak bultzatzen
miseriak...

Zenbait herritan
jendea ohe hutsean
amesten du.

Hemen gaituzu
gu gabiltza, guk hiltzen
ta hiltzen gu.

Hemen pasatzean
zer nahi, zer egin
batek daki.

Kidea erortzean
itzaletik atera
ordezkari.

Bideetan bihar
odol beltza eguzkitan
da lehortuko.

Txistu egin lagunok
askatasunak gauean
digu adituko.

Le chant des partisans. Joseph Kessel eta Maurice Druon.
Itzultzailea: Xabier Irastorza
Informazio gehiago: Wikipedia
Kantaren bertsio batzuk: Anna Marly

dimanche 6 mai 2007

mardi 10 avril 2007

KORRIKA









Alferrik gabiltza bestela



Alferrik gabiltza bestela,
Bizitzen uzten ez digun
Guztia
Hiltzen ez badugu,
Ezingo gara bizi guztiz
Joxanton Artze
… eta hurrengo hitz hauek idatziz, hiltzen hasi naiz inguratzen nauen bortizkeria guzti hau. Lerrookin ene bihotzeko epeltasuna islatzen dut paperean, eta epeltasun horrek bueltan epeltzen nau ni. Ziega hotza, janari hotza txakurren bortizkeria hotza, izotzezko lubaki honetan. Maite ditudan horiengan pentsatzeak, eskuetako hatzak sikiera zertxobait epeltzen laguntzen dit. Baina errealitatea azkar asko inguratu da lerro hauen artera.
Burdin hotsak entzuten dira atearen bestaldean, bataila baten seinale. Ziegako atea irekitzean, guda-zelaira goaz edo guda zelaia da ziegara sartzen dena. Leku gutxitan sumatu dut, erraietan iltzatuta dagoen GORROTOA ( letra larriz idazten dena). Torturatzen duen txakurraren lerdean agian?. Bortizkeria hotz eta neurtuz betetako GORROTOA.
ATZO, kidea biluztu, lurrera bota eta ipurtzuloa miatu zioten. GAUR beste egun batez ez gara patiora aterako, ohean eserita, haiek atea ireki orduko prest ez omen geundelako. EGUNERO, komuneko papera faborez eskatu behar diogu, herenegun bortxatu gintun txakur berdinari. Eta kanpoko jendea ohartzen al da, zer gertatzen ari den, ATZO, GAUR, EGUNERO, gizartearen estolderia zikin hauetan? Zeinen ongi ezkutatzen den miseria guzti hau porlanez altxatutako eta aiztoz beteriko hesiaren atzean!.
Aspaldi irakurritako istorioko neskatxaren antzera. Diligentzian zihoan, bere bizitzako gora-beherak bidaideei kontatuaz. Ama gaixotasun izugarri batek eraman omen zuen eta aita bide lapur batzuek asasinatu zuten. Neskatxa, nebatxoarekin batera ( gelditzen zitzaion ahaide bakarra) ez dakit nongo laku batean bainatzen ari zela, kokodrilo bat ikusi omen zuen astiro-astiro nebatxoarengana hurbiltzen, nola hortz zorrotzez beteriko piztiaren ahoa irekitzen zen… Eta orduan diligentziako bidaztiak barre-algaraka hasi omen ziren, zorigaitzak gainezka egin behar zuen une berean, kontakizuna bertan moztuaz.
Izan ere gehiegi da eta zergatik kakaztuko dugu halako egun eder bat, besteren miseriak entzunaz? Gure jendartea aspalditik dago, dena ezkutatu nahi duen barre-algara etengabe batean murgilduta.
Ipurmasailak zabaltzen dituen txakurraren esku hotzak, norbere larruan sentitu ezik zaila da izugarrikeria honen benetako dimentsioaz ohartzea.
Oier Gonzalez Bilbatua. Euskal Preso Politikoa Toulouse-Seysses

Pausoz pauso

PAUSOZ-PAUSO
Elurrak, nire zeldatik ikusi daitezkeen Pirineoen tontortxuak zuritu ditu. Gaur goizean alboko bizilagunak, “Begira, horma txuri horren bestaldean dago zure herria” esan dit. Nik erantzun diot, nere herriak horma txuriaren bi aldeetan dituela bere sustraiak. Tontor txuriak ikusita, banaketa edo muga sentsazioa areagotu egiten da. Baina zelako diferentzia inguratzen nauten, aiztoz beteriko, beste tontor gris hauekin alderatuta.
Futbol zelaiko zerua karratu haundietan zatitzen duten kableean gainean txori saldoak pausatzen dira: Haiek begira, Ixorretarraren hitz batzuk datozkit burura: “ Harrigarria da hemen kurloiek begira gerla sufritzen dugula eta, patioaren alde batetik bestera paseatuaz, gerla ematen dugula” eta horrela jarraituko dugu, patioan pausuak ematen, gerra ematen.
Espetxean emandako pauso bakoitza, kalean emandako, klandestinitatean emandako pausoaren iturri.
Klandestinitatean emandako pausobakoitza, espetxean emandako, kalean emandako pausuaren iturri.
Kaleanemandako pauso bakoitza, klandestinitatean emandako, espetxean emandako pausuaren iturri.
Eta horrela, barruan, kalean edo izkutuan emandako urrats bakoitza, gure herriak bizitzera ematen duen urrats bihurtzen dugu denon artean.
Izkutua borrokan ari direnei, espetxean borrokan ari garenoi, kalean borrokan ari zartenoi topa.
OSASUNA ETA ASKATASUNA
OIER GONZALEZ
TOULOUSE SEYSSES ESPETXETIK

Folhetos da feira

FOLHETOS DE FEIRA (merkexeak)
Xoriak pausatu dira,Gure baitan.
Gaur goizean, esnatu eta leihoan paratu naiz. Elurra mara-mara ari da inguruak txuriz margozten. Giroari darion usainak, ikastolako garaietara garraiatu nau. Nola aritzen ginen etxerako bueltan elur-bolak elkarri jaurtiaz. Hatzamarretan hotzaren hotsez, mina izan arren, espaloiaren bestaldean zeuden kontrarioei, arnasa hartzen utzi gabe, dinbi-danba.
Teilatuan edo batek daki non abia egin duen itxas-txoria atzera eta aurrera dabil, janari bila. Elur txurian lorratz utzi ditu bere korrakaldi ernean. Leiho azpian dauden zakar poltsak, janari erdi ustela eta alboko leihoetatik jendeak botatzen dituen moeta guztietako detritusak, elurrak izkutatu ditu. Gaur, inguruko zikinkeriaz beti protestaka ari den Jean-louis pozik egongo da, elurrak zaborra menditxo ezezagunetan bihurtu bait du. Pareko futbol zelaia ere txuri-txuri ageri da, kondizio hauetan, seguraski ez diote inori bertara joaten utziko.
Neguko goiz hartan, ixtant batez izan bada ere, harrapatuta gaituen errealitate gordina, izara txuri batek estali du. Bainan zeinen efimeroa den materia txuri hau. Eguerdiko eguzkiaren lehen printzekin, elurra urtzen hasi da eta berriz ere agerian geratu dira, inguratzen gaituen alanbradako aizto zorrotzak, guri mehatxuka.
Angelo