mercredi 26 novembre 2008

Tigris eta Eufrates.

Tigris eta Eufrates, bata bestearen alboan mendian behera doazen bi ibai. Ez dira bereziki handiak ez eta bereziki txikiak ere. Sarritan inguruko nekazariak, haien animaliekin hurbiltzen dira. Erreka ertzean ardi, behi, zaldi...saldoak, bertako uretan haien egarria asetzen dute. Bitartean, norbaitek txirula atera eta doinu eta kanta ezberdinak entzuten dira bi ibaien luzera osoan. Hala izan du Tigrisek Eufratesen berri eta hala jakin du Eufratesek badela Tigris. Abeltzainek aspaldi ikasitako doinuekin, bi ibaien edertasuna goratzen dute. Eta bi ibaiek, bestea (hain ederra omen dena) ezagutu nahi. Itsasoan elkartuko dira, esan dezake nor edo nork. Baina zeinen zabala den itsasoa eta bertan bazter guztietako ibaiak biltzen dira. Denak bat eginda, bata bestearengan desagertuta, ezein ezagupide egiteko aukerarik gabe.
Tigris eta Eufratesen arteko bailaran aurrera doa denbora. Zibilizazio ezberdinek eraiki dute haien bizilekua territorioaren luze zabalera osoan. Erregeek elkar gudukatuko dute, erreinu bat suntsitu beste bat eraiki, bat suntsitu beste bat eraiki,... Bitartean, abeltzainek aspaldi aiton-amonei entzundako doinu berdinak kantatzen dituzte ibai ertzeetan. Hamarnaka urte, ehundaka igarota ere, aintzineko melodiak entzuten dira inguruko biztanleen ahoetan. Ibaiek elkarren berri dute, materia iragankor berdinak eginak daude, antzeko erritmoan dantzatzen dira haien erraiak. Hamarnaka, ehundaka urte bata bestearen alboan eta bata bestearengandik urrun. Antzineko doinuen baltseo banatuan. Eta Tigrisek Eufratesera nahi eta Eufratesek Tigrisera nahi.
Montzoi egun batez, ordea, baltseaoa gero eta indartsuago bihurtuko da. Euriteak bulartuta, arro behetik ibaien ahuena adituko da bailara osoan zehar. Elkarri deika, nahi eta ezinean. Zeru iluna, Tigris eta Eufrates ibaien bihotz iluna. Urak gorantz doaz, ibaien adarrak hatzamarrak lez, elkarrengana luzatzen saiatuko dira, ahalegin desesperatuan. Urak bidean aurkitzen dituen lehen zuhaitzak erauzi ditu. Arroa desagertu da eta ahuenak bat eta bakarrean bildu dira. Zeru-muga iluna, ur-muga ilunago batean bihurtu da. Mendeetan urperatutako desioa, izugarrizko besarkada suntsitzaile batean lehertu da. Azkenean, bi ibaiak bat eginda. Ur-gainean, itotakoen gorpuak.

Aucun commentaire: