dimanche 6 avril 2008

Demagun

Demagun bakarrik sentitzen garela
oso bakarrik.
Demagun bakardade hortan
jaso dugun egunkarian murgildurik
gaudela. Mugaren bestaldeko, urrutitasun urruti
hartako oihartzunak dastatuaz (lau eguneko atzerapenarekin).
Demagun orri bat igaro eta
begirada batean laketu garela,
"sexologia, ximurrak, xamurrak,..." eta antzeko hitzak
begiradaren inguruan dantzan.
Demagun begirada argitzen duen
irrifarrak,
dantzan zebiltzan hitzak
eklipsatu dituela.
Demagun ixtante batez irrifarraren, begiradaren
leihotik so,
beste leiho bateko burniak, aiztoak
desagertzen direla.
Demagun argazkiko irrifarrak
irrifar bat eragin digula. Demagun bakardadea oso erlatiboa dela
bururatu zaigula.
Demagun irrifarraren, begiradaren,
bultzadaz,
aurrera darraigula,
biziak, aurrera darraiela,
tai gabe,
demagun.

1 commentaire:

Arazeli a dit…

Kasualitate batek
beste bati jarraitu dio,
nondik eta nora
zure blogg-era sartu naiz.
Zure aspaldiko euskarako irakasle bezala,
nik baino askoz hobeto idazten duzula ikusteak
poztu egin nau.
Orduan protesta baten idatzi zenuen
behin baino gehiagotan,
orain agian, premia sentituko duzu.
Demagun
nire hitz apal hauekin
duela urte batzuetako
konturen bat gogoratu
eta irrifar egin duzula.
Nahikoa litzateke.
Besarkada bat.