mardi 10 avril 2007

Alferrik gabiltza bestela



Alferrik gabiltza bestela,
Bizitzen uzten ez digun
Guztia
Hiltzen ez badugu,
Ezingo gara bizi guztiz
Joxanton Artze
… eta hurrengo hitz hauek idatziz, hiltzen hasi naiz inguratzen nauen bortizkeria guzti hau. Lerrookin ene bihotzeko epeltasuna islatzen dut paperean, eta epeltasun horrek bueltan epeltzen nau ni. Ziega hotza, janari hotza txakurren bortizkeria hotza, izotzezko lubaki honetan. Maite ditudan horiengan pentsatzeak, eskuetako hatzak sikiera zertxobait epeltzen laguntzen dit. Baina errealitatea azkar asko inguratu da lerro hauen artera.
Burdin hotsak entzuten dira atearen bestaldean, bataila baten seinale. Ziegako atea irekitzean, guda-zelaira goaz edo guda zelaia da ziegara sartzen dena. Leku gutxitan sumatu dut, erraietan iltzatuta dagoen GORROTOA ( letra larriz idazten dena). Torturatzen duen txakurraren lerdean agian?. Bortizkeria hotz eta neurtuz betetako GORROTOA.
ATZO, kidea biluztu, lurrera bota eta ipurtzuloa miatu zioten. GAUR beste egun batez ez gara patiora aterako, ohean eserita, haiek atea ireki orduko prest ez omen geundelako. EGUNERO, komuneko papera faborez eskatu behar diogu, herenegun bortxatu gintun txakur berdinari. Eta kanpoko jendea ohartzen al da, zer gertatzen ari den, ATZO, GAUR, EGUNERO, gizartearen estolderia zikin hauetan? Zeinen ongi ezkutatzen den miseria guzti hau porlanez altxatutako eta aiztoz beteriko hesiaren atzean!.
Aspaldi irakurritako istorioko neskatxaren antzera. Diligentzian zihoan, bere bizitzako gora-beherak bidaideei kontatuaz. Ama gaixotasun izugarri batek eraman omen zuen eta aita bide lapur batzuek asasinatu zuten. Neskatxa, nebatxoarekin batera ( gelditzen zitzaion ahaide bakarra) ez dakit nongo laku batean bainatzen ari zela, kokodrilo bat ikusi omen zuen astiro-astiro nebatxoarengana hurbiltzen, nola hortz zorrotzez beteriko piztiaren ahoa irekitzen zen… Eta orduan diligentziako bidaztiak barre-algaraka hasi omen ziren, zorigaitzak gainezka egin behar zuen une berean, kontakizuna bertan moztuaz.
Izan ere gehiegi da eta zergatik kakaztuko dugu halako egun eder bat, besteren miseriak entzunaz? Gure jendartea aspalditik dago, dena ezkutatu nahi duen barre-algara etengabe batean murgilduta.
Ipurmasailak zabaltzen dituen txakurraren esku hotzak, norbere larruan sentitu ezik zaila da izugarrikeria honen benetako dimentsioaz ohartzea.
Oier Gonzalez Bilbatua. Euskal Preso Politikoa Toulouse-Seysses

3 commentaires:

sorgin beltza a dit…

kasualitatez sartu nintzen zure blogean eta irakurtzen hasi nintzen. gorputz osoan zirrarak eragin zatzaizkidan zure hitzak, hitz ilunak dira errealitate beltz batenak. Asko guztatu zaizkit zure idatziak nahiz eta tristura nabarmena den haietan. Bueno ba horra hor nire iritzia. a ta gainera zurea ikusita niri ere blog bat sortzea iruditu zait. ondo segi ta jarraitu idazten, utzi kanpokoei barruko egoeraren errealitatea ezagutzen.

TXOPOLIN ETA FAMILIA a dit…

Kaixo gudari, azkenean idaztea lortu dugu, gauza moderno hauek ez dira gure fuertea eta. Irratikoa ez dugu lortu, beraz, hitz labur hauen bidez zoriondu nahi dizugu. Hain berandu denez ez gaude oso argi, baina blog-ean idazten behingoz ikasi dugunez gero, hurrengoan idatzia luzeagoa eta mamintsuagoa izango da. Muxu asko eta, JO TA KE.

Unknown a dit…

KAIXO OIER..BESARKADA BERO,BERO BAT
ANIMO..ES DAKIT OSO ONDO MANEJATZEN TRASTO HAU..
JO.TA.KE.