mercredi 5 janvier 2011

Egunero esnatu behar dudalako (7). Filosofia.

Epiktetoren inguruko hitz artean endredatuta ekin diot arratsari, inguruotan estoikoen oldozpenak lagungarri litezkeela iruditu eta JAKINen argitarau lantxoan murgildu naiz (euskara, etxean ibiltzeko txapinen mailatik haratago, zinez haratago, dagoela frogatzen duten elementuz lepo dut ziega). Estoikoren iritziz, halabeharra ez da existitzen, unibertsoan dena gertatzen da beharrezkotasunez, gertaera eta izate guztiak elkar lotuak daude, organikoki. Panorama honetan, gizakiari geratzen zaion askatasuna tartea, ekidin ezinaz gaindiko erabaki ahalmena, arrazoimenean datza, beharrezkotasunez gertatzen den horri ematen diogun zentzuan alegia. Ideia honi tiraka, Epiktetoren pentsamendua gordetzen duen liburu Enkhiridioneko aipu batek erakarri nau: Gertakariek ez dute gizakia aztoratzen, gertakariei buruzko iritziek baizik. Logika honi jarraituz, objetuek zentzumenak eragiten dituzte eta horrela osatzen da irudi objektibo bat. Beraz irudiok ez daude gure borondatearen menpe, beharrezkotasunak sortu ditu eta hala egiazkoak dira, baina irudiotaz dugun pertzepzioa okerra izan liteke. Patioan sarri asko entzun dudan “mahktub”i (“idatzia dago”), Arrazoimen unibertsala esaten diote estoikoek. Patuak bildu gaitu patioan.

Baina zeinen gutxi irauten duen hemen filosofiak. 205 ziegan dagoen “Renard” leihoan oihuka hasi da, ziegaren ateari ostikoak emnez zalaparta areagotuz. Ze importa zaio Epikteto, leihoko barroteei helduta funtzionarioek “puta kume” kolpeka agutzen dituen horri? Zalaparta honi, txinpanze oihuak egiten dituen beste hura elkartzen zaion bitartean gaitz erdi.

Eta nik ez dakit zerk aztoratzen nauen gehiago, gertakariak berak edo gertakariari buruzko ene iritziak.

Oier Gonzalez bilbatua. Villefranche sur Saône, 2010eko abenduak 06.

Aucun commentaire: