dimanche 27 juin 2010

Troyako usoa edo pax romana.



Ederra zuen itxura, metalaren dirdirak harriduraz betetako keinuak zabaltzen zituen inguruetan. bukaeraren atarian aurkitu genuen goiz alban eta batek baino gehiagok halako lasaitu antzeko bat hartu zuen; "azkenean", "bazen garaia", "merezi dugu" eta estilo bereko perpausez bete ziren ahoak. Bukaeraren aatrian geunden, eta zer egokiago hegazti itxurako ikur kolosal hau baino?. Nondik iritsi zen ezin esan genezakeen, norbaitek "Herriak ekarri du!" aldarri egin zuen, baina dena esan behar baldin bada, une hartan Bukaeraren atari inguruak hutsik zeuden. Eta hala ere denok sinetsi nahi genuen, "bai Herriak solilik eraiki lezake tamaina hontako zera bat", nork bestela? Quand même, Bukaeraren atarian geunden, "merezi" genuen, urteak igaro genituen guk antzeko zerbaiten bila, gure gurasoek egin bezalatsu eta haien gurasoek eta haien gurasoen gurasoek; egia esan mendeak paseak ziren bukaeraren atarira bidean, pausoz pauso, eta iritsi ginen bai, joder baietz.

Mokoan itsatsia zuen olibondoaren erramuak, bertaratu ginenon inkontzienteetan kili-kili egin zigun. "Columba Ordinaria" esan zuen taldeko latinistak. Bai, Bukaeraren atarian ginen eta gurdi baten gainean paratuta, uso erraldoi baten estatua aurkitu genuen. "Gure garaikurra!" oihukatu zuten taldeko ausartenek, "Garaipenaren Enparantzan, erdi-erdian, jarriko diagu!" bota zuten beste zenbaitzuek. Goiz alba hartan nekeak bat-batean desagertu ziren, irudiaren dirdira denen begiradan islatu zen, liluraz lepo irrifar aldra bat osatu genuen. Gurdiari sokak lotu eta tiraka hasi ginen, Etxera bidean. Norbaitek kantatzeari ekin zion, hura zen bozkarioa, zinezkoa. Etxera bueltan gindoazen garaikurraren pisua lepoan hartuta. halaz ere itzulerako bidea erraz egin genuen, inolako oztoporik aurkitu gabe, tiraka generaman ikur erraldoiak bidea zabaldu baligu bezala.

Azkenik beraz, Etxera iritsi ginen eta "columba ordinaria" oliba erramu eta guzti, "Garaipenaren Monumentua!", Garaipenaren Enparantza erdian paratu genuen. Ez sinesteko moduko alitasuna zabaldu zen zoko-moko guztietara, eta ase arte edan eta dantza egin ondoren Usoaren abaroan etzan nintzen, irrintzi alaien erdian. Gorputza seko errendituta baina bozkarioz gainezka, begiak itxi nituen, Garaipenaren Enparantzaren erdian, iluntzea zen. Bukaeraren Hasiera.

Aucun commentaire: