samedi 19 mars 2011

Giltzapeko letra jorra.

“Seacliffeko ospitalean eman nituen sei asteak, inoiz izango zenik ere uste ez nuen leku hartan, zoramenaren izugarrikeriaren ikasgai laburtu bat izan ziren. Han igarotako lehen uneetatik jakin nuen ezingo nintzela itzuli nire usuko bizitzara, ezingo nuela ahaztu ikusitakoa. Beste eraikin batzuetan bakartutako jendeek ez zuten izenik, ez iraganik, ez etorkizunik, giltzapetutako oraina besterik. Orain-lur betierekoa, ortzemugarik gabea.”

Janet Paterson Frame idazlle zeelandaberritarraren hitzok espetxeratu berritan nik neuk sentitua oso ondo islatzen dute. “Baina zer da izugarrikeria hau?”, “Nola liteke hain jendarte garatua omen den honetan, tamainako krudelkeria instituzionalizatua existitzea?”. Lehendik ere euskal presoekiko elkartasun taldetan aritua nintzen, espetxea beraz ez zen errealitate arrotz bat niretzat; baina espetxea zer den, zinez, presoak soilik daki. Kanpoan dagoenak enpatia senti dezake eta sinpatiaz jokatu, presoaren hurbilekoek espetxearen ondorioak sufritzen dituzte eta hala ere giltzaperatuaren pairamena oso esperientzia intimoa da, hain zuzen norbere intimitatea baita bertan urratzen dena.

Lehen kontaktua are izugarria iruditu zitzaidan, Lyionen espetxeratu bait ninduten, hau da, Lyon hiriaren erdi-erdian zegoen espetxean. Sufrimenduaren alimaleko monumentua, hiriko tren geltokiari pega-pega eginda, kaletarren sudurpean. Gaiaren inguruan nuen ejjakintasunaz jabetuta, lehen bulkada: “hau, min guzti hau, kontatu beharra dago.” Hain justu, edozein sorkuntza lan zer edo zer kontatzeko behar batean oinarritzen dela esan liteke, zerbait adierazteko behar gorria, erraietan dugun zera kanporatu ezean ezinegona lehenik eta itolarria gero sentitzerainokoa. Lyonen argi sumatu nuen, estreinakoz, espetxea inguratzen duten murruek barrutik kanporako baino kanpotik barrurako norabidean betetzen dutela beren funtzioa. Murruok, ihesaldiak ekiditeko baino, barruko izugarrikeria ezkutatzeko eraikiak direla.

Horrela beraz, espetxe barrutik egiten den oihu bakoitza, idatzia barne, murruan arrakala bihur liteke eta berau ez da, askok pentsa lezaketen maneran bertatik ihes egiteko, baina kanpokoari barrukoa erakusteko.

Espetxearen inguruko hamaika liburu, idazki edo sormen lan aurki litezke, azaltzen diren esperientziak bata bestearen oihartzunak dira. Elkarren artean mende beteko aldea izan arren irudi bertsuak azaltzen dira sarritan (ausentzia, espazio txikiaren estutasuna, bakardadea,...). Baina arestian esan bezala, espetxeak oso maila intimoan urratzen du giltzapean daukana eta hala luma hartzen duen presoak, aldiro zera pentsa lezake: espetxeaz, beste batzuek idatzi dute baina ez nik.

Janet Paterson aipatu dut hasieran eta itzul gaitezen harengana, bera ez zuten espetxeratu, ospitalean ingresatu baizik. Berrogeita hamarreko hamarkada aldera izaeraren desorekak elektroshock kolpeka osatu zitezkeela uste zen. Janet Patersonen amak alaba lobotomia bidez zentzatzea espero zuen, baina buru ebakuntzaren zain zegoela, Janetek izkutuan idatzitako “Lagoon” liburuak Zeelanda Berriko literatur sari nagusia, Hubert Churh Memorial Prizea, irabazi eta buru garbiketatik libratu zen. Idatzitako hitz bakoizak heriotza mentaletik urrundu zuen, ebakuntzaren (eta amaren erabakiaren!) aurka erlojupeko lasterketan buru garbiketatik libratzeko bide bakarra: idaztea.

Nago gu geu ere ez ote garen, Janeten antzera, heriotza mentaletik libratzeko idazten ari. Don Bildurraren aurka erlojupeko lasterketan, geure buruak izuaren katedraleko estoldetan amildu aurretik letrak juntatzen... erdu eta tori zuretzat gorde itzazu galtzetan.

Oier Gonzalez Bilbatua. St. Martin de Ré, 2011ko otsailean.