mercredi 5 janvier 2011

Lagun izoztua. Irakurtaldia

Egunero esnatu behar dudalako (8). Arazo Gramatikalak..

Seguru naiz dagoeneko damutua dela, bere baitan ongi daki ez zituela hitzok erabili behar. Baina berandu da jada, parean daukanak kamiseta kendu du eta hurbiltzeko esanez oihuka ari da. Ahari topeka hastear dela dirudien arren I. eta biok patioari bueltak emanez jarraituko dugu, ez gara zirkura gehitu (ezagun dugu, gainera, halakoak nekez bukatzen direla ukabil dantzan, oihu eta imntzioak bai baina hortik landa ezer gutxi). Funtzionario tropela ere patio atarian paratu da, ez dira bertatik pasako beren araudiak/ausardiak hala egitea debekatzen dielako. Kamera eta funtzionarioen muturren aurrean edonor odolustu liteke, patioaren erdi-erdian kokatzearekin nahikoa duzu.

Elkarri oihuka orain, esandakoak irentsi beharko dituen horri aurpegia zuritu zaio eta bera ez da kamiseta gabe dagoena. Tentsioa patio osora zabaldu da, beste zenbait bi oihularien tartean sartu dira hain gutxiagatik ostiaka hastea ez duela merezi esanez, arbitro lanean-edo. Izan ere hemen oso gutxi behar da giroa lehertzeko. Ordu laurden lehenxeago gertatu bezala, okerreko esaldi bat, adibidez: “Espèce de salope !” (puta alaena!). Frantsesez ez da kasik esaldiaren amaiera aditzen, beraz taldean egon ezkero ezin jakin “salope” edo “salopes” esan duen, singularra edo plurala erabili ote duen, forma konkretua edo orokorra. Nori deitu dio “puta” beraz? Edonor izan liteke, hau da, sesioan hasteko gogoz den edonor, hain zuzen kamiseta kendu berri duen hori berori. Sikiera perpausa luzeago bat izan balu, testuingurua hobeto zehaztuko balu,orain ez litzateke trantze eskas honetan aurkituko.

Gramatika kartzelarioak bizi gaitu, eta zeinen garrantzitsua den esaldiak patxadaz konposatzea, kopurua argi eta garbo adieraztea.

P.S.: Bukatu da sesioa, aspaldi Ixorretako plazan ikusitako ahari topekak ez bezala, adar tartetik darion odolik gabe.

Oier Gonzalez Bilbatua. Villefranche sur Sa^ne, 2010eko abenduak 07.

Egunero esnatu behar dudalako (7). Filosofia.

Epiktetoren inguruko hitz artean endredatuta ekin diot arratsari, inguruotan estoikoen oldozpenak lagungarri litezkeela iruditu eta JAKINen argitarau lantxoan murgildu naiz (euskara, etxean ibiltzeko txapinen mailatik haratago, zinez haratago, dagoela frogatzen duten elementuz lepo dut ziega). Estoikoren iritziz, halabeharra ez da existitzen, unibertsoan dena gertatzen da beharrezkotasunez, gertaera eta izate guztiak elkar lotuak daude, organikoki. Panorama honetan, gizakiari geratzen zaion askatasuna tartea, ekidin ezinaz gaindiko erabaki ahalmena, arrazoimenean datza, beharrezkotasunez gertatzen den horri ematen diogun zentzuan alegia. Ideia honi tiraka, Epiktetoren pentsamendua gordetzen duen liburu Enkhiridioneko aipu batek erakarri nau: Gertakariek ez dute gizakia aztoratzen, gertakariei buruzko iritziek baizik. Logika honi jarraituz, objetuek zentzumenak eragiten dituzte eta horrela osatzen da irudi objektibo bat. Beraz irudiok ez daude gure borondatearen menpe, beharrezkotasunak sortu ditu eta hala egiazkoak dira, baina irudiotaz dugun pertzepzioa okerra izan liteke. Patioan sarri asko entzun dudan “mahktub”i (“idatzia dago”), Arrazoimen unibertsala esaten diote estoikoek. Patuak bildu gaitu patioan.

Baina zeinen gutxi irauten duen hemen filosofiak. 205 ziegan dagoen “Renard” leihoan oihuka hasi da, ziegaren ateari ostikoak emnez zalaparta areagotuz. Ze importa zaio Epikteto, leihoko barroteei helduta funtzionarioek “puta kume” kolpeka agutzen dituen horri? Zalaparta honi, txinpanze oihuak egiten dituen beste hura elkartzen zaion bitartean gaitz erdi.

Eta nik ez dakit zerk aztoratzen nauen gehiago, gertakariak berak edo gertakariari buruzko ene iritziak.

Oier Gonzalez bilbatua. Villefranche sur Saône, 2010eko abenduak 06.