jeudi 23 juillet 2009

DELIMITADOREAK.

"No he estado con los delimitadores de las primaveras..."
Aditu diot Silviori eta azken aspaldian, Durango eta Euskal Herriko zenbait herrietan mugatzaile lanean dabiltzan kolore guztietako delimitadoreez akordatu naiz. Haga luzeak eskuan hartuta ibili dira gure herrietako kaleetan barna lurretik hainbat metrora eskegita utzitako irribarreak lapurtzen. Goitik behera beltzez jantzitako izorratzaile profesionalak gehientsuenetan, opa diguten etorkizunaren adierazgarri. Beltza eta ongi izorratua.
Jaurlaritza berriak, euskal presoen argazkiak erretiratzeko agindua eman dau eta diligentzia beldurgarriz (edo are ubelgarriz, Galdakaon borrek utzitako arrasto iluna kontuan hartuz gero) ekin diote manuari haziendako zakurrek (betikoek). Helburua, inpunitate espazioak garbitzea omen da. Hotzikara eragiten duen higienea darabilte hauek. Duela urte parea, gaur egun frantziar presidentea den Fatxotik antzeko promesa egin zuen. Orduan, frantses hirietako periferian dauden auzoak, karcher-a hartuta garbituko zituela esan zuen. Dirudienez, bazter auzoak zikintzen dituen jendaila ("la racaille") kanporatu beharra zegoen. Aski ezagunak dira ondoren lehertu ziren istiluak.
Han eta hemen, boterearen garbizalekeria grisa, aniztasunaren kolore biziak ezabatu nahi dituen araztasunaren nozio uniformatzailea. Euskal Herrian, beraz, jaietako gune herrikoienetan (hauek ere, Frantzian bezalatsu, periferian eta jendailaz beteta?) musturra sartu eta makil dantzari ekin diote. Lehen, horman itxatxitako mezuak denbora luzea iraun zezakeen. Hormaren zimurrek paperaren zimurrekin bat egin arte. Halakoetan mezua paisaiaren parte bihurtzen zen, kasik bertan desagertzeraino. Nago zentsuraren hatzaparrek, zimur artean mezua desager dadin ekiditea lortuko ote duten.
Baina ikurren ehiza honi, erregimen anakronikoen ustel usaina dario. Delimitadore profesionalek, haien estatistika, kalkulu eta burokrazia grisean mugatu nahi dute elkartasuna. Nola lor liteke, baina, elkartasuna den izate bizi eta bihurria?. Izan ere debekuek eta zigor arbitrarioek elkartasuna eragiten dute. Nolabait, injustizia enpatiaren iturri dela esan liteke. Zanpatua dagoenari eskua luzatzea, jarrera zinez naturala da, naturala denez. Debekuak, zigorrak...injustizia orobat, ongi ezagutzen dugu Euskal Herrian, elkartasuna orozgaindi, ezaguna den bezalatsu. Auzo, kirol, kultur...elkarteetatik hasi eta herri mugimenduen aberastasuna ikustea besterik ez dago, elkartasunaren errotzeaz konturatzeko. Egoera hontan euskal presoon argazkiak zirtziltzea zeharo antzua dela iruditzen zait.
Nik aparteko poltsa batean gordetzen ditut, hona iristen diren letrak. Erremitean azaltzen diren izenak kontatzen hasiz gero, bi eskuetako hatzak gutxi, oso oso gutxi dira. Nondik dator, luma hartuta zientoka kilometrora dagoen horri hitz parea bidaltzeko taupada? Nola mugatu lumaren dantza? Nola isildu berau eragiten duen melodia eztia? Nirearen antzeko zenbat poltsa daude espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuta? Zenbat izen, luma eta hitz? Gure ikur eta argazkiak hautsiko dituzte, seguruenik haien amorruak amorratuko gaitu gu. Baina Eukal_Herriko zoko-moko guztiak, irrifar errebeldez gainezka esnatuko dira eten gabe. Etenik ez duen elkartasunez.
Garbizalekeria asasinoaren jo-puntu izan den Jon Anza gogoan.