samedi 6 juin 2009

Patioan. Blogak & letrak. Villefranchetik Larrabetzura.

Patioan.
Patioan zirkuluan paseatzen gara, erlojuaren orratzen kontrako norabidean. Berez, giltzapean ihes egiten digun denboran atzerantz itzultzeko ahalegin desesperatua dela dirudi. Ezagutzeko aukera izan dudan espetxe guztietan norabide bertsuan dabil jendea, erlojuaren orratzen kontra etengabe. Fresnesen izan ezik, bertan aste parea igaro nituen eta patioak estuegiak dira zirkuluan ibili ahal izateko (Fresnesen ez dago denbora harrapatzeko ahalegin deseperatuentzat espaziorik).
Azken egunotan Petrurekin batera zirkulu andana marraztu ditut. Janzten dituen alkandora dotoreek ozta-ozta izkutatzen dituzte, (nere ustean) are dotoreagoak diren tatuajeak. Dutxan ikusi ahal dudanez, 50 urteko errumaniarrak gorputz osoa tatuajez josia dauka. Besoak, izterrak, oinak, bular aldea eta bizkarra, amabirjina koloretsuz, sua darien deabruez eta tximeletez apainduak dauzka. Tatuaje koloretsuok, aspaldi espetxean egindako beste ilunago batzuk izkutatzen dituztela komentatu zidan behin.
Gai honen bueltan, herenegun, dutxa hartzen ari ginela, (Villefranchen astearte, ostegun eta larunbatero, goizeko 7ak eta 8ak bitartean, 10 minutuko dutxa hartzeko eskubidea dugu. 10 minutu ni plus ni moins. Dutxara sartu orduko, matoiak 10 minutu irauten dituen uraren giltzari eragiten dio. Denbora hori igarota, automatikoki, urik gabe geratzen gara. Batzutan, eskatuz gero edo tira-bira baten ondoren, matoiak giltzari bigarren buelta bat ematea gerta liteke. Baina goizeko 7etan , funtzionarioarekin istiluak izanez gero eguna hasteko gogoa ere izan beharra dago), Petruk izterrean duen amabirjina bat erakutsi eta “tatuaje honen azpian dagoen beste tatuajeagatik 5 urteko espetxe zigorra irentsi nuen Alemanian bota zidan. Trenez, frantziar pasaporte faltsua patrikan, Bruselastik Berlinera zihoala, polizia alemaniar batekin eztabaidatxoa izan zuen. Bidaia txartelik gabe zegoenez berehala ordaindu beharreko amenda jarri zioten. Baina Petruk, markoak beharrean dolarrak zituen karteran. Treneko tabernan dirua aldatzen saiatu eta kale. Konpartimendu ezberdinetan atzera eta aurrera (txakurren begiradapean noski) ibili ondoren, ez zuen beharreko dirua lortzerik lortu. Hainbeste bueltarekin petruren desmartxak polizien susmoak altxa zituen, beraz atxilo hartu eta komisariara eraman zuten.
Txakurtegian pasaportea berea ez zela esaka hasi omen zitzaizkion. Gainera, trenean atxilo hartu zuen txakurrak, Petruk alemanez hitz egitean ez zuela azentu frantsesa zioen. Kontua are gehiago okertu zen esku eta besoetako tatuaje “talegeroez” galdezka hasi zirenean. Arropak erantsi eta tatuaje guztiak erakustarazi zizkioten. Hala, txakurrak orduan izterrean zuen tatuajea ikusi zuten. “Nola da posible, frantziar izanik, izterrean Football Club Bucarest-aren logoa tatuatua izatea?”. Hitzok entzutearekin batera, bere libertatearenak egina zuela ohartu zen Petru. Bere hatz markak ordenagailuan sartu eta kreditu txartelen salerosketa ilegalagatik atxilotze agindua zuela ikusi zuen txakurradak.
“Porca miseria!” bota dit, Italiatik estraditatu berri duten errumaniarrak.