lundi 4 juin 2007

Hau ez da literatur blog bat


"Idazten ari den folio bakoitza argi edukiontzi bat litzateke orduan, argiaren uzta biltzen ariko da komediantea, garia biltzen duenak bezala, egun ilun haietan argiaren uzta biltzen, zegoen argi apurra landu eta hari forma ematen, hura itxuraldatzen. Argiaren inbentarioa ilunpearen garaian.
Borrokatzeko era bat"
HARKAITZ CANO. "Belarraren ahoan".

Hau ez da literatur blog bat. Komunikatzeko behar bat betetzen duen postontzi birtuala. Giltzapetua egoteak eragiten duen barne ezinegonari (barnean ezin egoteari), aterabide bat bilatzeko saiakeratxoa. Librea, libertatea lapurtu diguten leku honetan. Hau da, libre, libre, liiiiiibreaa. Muga tenporalik edo tematikorik gabe, beharraren arabera betetzen joango den bitakora. Konpromezu bakarra, nire erraietan bustiko dudala luma idazten hasi aurretik. Paperari egindako zauriei darien zukua, basamortuaren erdian. Eta zauriak haizatzea merezi al du?. Amamak, txikiak ginela, belaunean egindako urratuei merkromina jarri eta tiritaz estali beharrean, txandala belaunetik gora tolesten zigun. Hala zauriak hobeto aranasa hartuta lehenago itxi zitezen. Gero, merkromina oraindik sikatu gabe zegoela putz egiten genion zauriari, hazkurearen gainetik plazer txiki bat sentitzeko. Nor edonork, hemen azaltzen diren zauriei putz egin ezkero sentituko dudan plazer bera. Beraz hor doa harria errekan bera. Hasierako ertz zorrotzak, pixkanaka-pixkanaka leuntzen joango ote dira? eta erreka? Iturriak espero duen bidetik joango al dira bertoko urak? Bitartean erdu ingurura, begira, zerbait mugitzen hasi da basamortuaren erdian. Oier.
"Oh God, i could be bounded in a nutshell and
count myself a king of infinite space"
Hamlet.II.2